XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3.1.4.5 Egonaldiaren iraupena

Hamabi egunekoak dira Alkizako Euskal Girotze Barnetegian ikasleek egiten dituzten egonaldiak.

Ikasleak Erdi Ziklokoak edo Lehen Hezkuntzako 1. zikloko/2. zikloko 1. mailakoak direla kontuan harturik, egoten dira txanda batzuetan asteburua heldu orduko etxeko giroaren gozotasuna faltan sumatzen dutenak, malko bat edo beste isuriz, baina normalean igandeko irteerarekin batera lehortzen dira malko hauek eta teorian hain luzea dirudien bigarren astea maldan behera egiten zaie; ez da ahaztu behar egonaldi osoko ekintzarik erakargarrienak bigarren aste honetan gauzatzen ditugula.

Etxera joateko garaia iristen denean, hori bai, sendikoak ikusteko gogo bizia dute, baina azken une horretan ez zaie iruditzen egonaldia luzeegi gertatu zaienik.

Beraz, eta beti ere era guztietako banakako kasuak ditugula ahaztu gabe, orokorrean arlo desberdinetan jaso duten aberastasunak (hainbat esperientzia berri bizi izatea, autonomiaren garapena, garbitasun ohiturak, lagunekiko elkarbizitza, norbera bere kabuz baliatu behar izatea...) aise konpentsatzen du une jakinetan bizitako hutsunea, honek berak ere, zalantzarik gabe, bere aberastasuna duelarik.

Atal berezia merezi du egonaldiak hizkuntza ohituretan duen eraginak.

Arlo honetan bai ez dugula zalantzarik: zenbat eta egonaldi luzeagoa, orduan eta handiago ateratzen diogun etekina.

Beti ere kontuan hartu behar da ikasleak barnetegian zenbat denbora egin dezakeen, baina txanda ugaritan geratzen zaigun inpresioa da egonaldia behar bezala zuzendua dagoenean eta barrabarra euskaraz ari direnean bidaltzen ditugula etxera.

Dena den, eta bi urteko esperientziaren arabera, gai honetaz taldeekin datozen irakasle guztiekin hitz egin eta gero, honako ondorio honetara heldu gara:

Ikasleen arteko harremanetan gaztelaniatik euskararako saltoa ematen den taldeetan (neurri batean edo bestean, gehienetan hau lehen asteko ostegunaren inguruan gertatzen da) egonaldiak egun batzuetako jarraipena behar du ikaslea erdal girora itzuli aurretik, ohiturak apur bat sendotu eta euskararen ezagutza mailak, jardutearen poderioz, gorantz egin dezan.

Beste gauza bat da, baina ahaztezina hau ere, taldearen irakaslearengan hamabi eguneko egonaldiak duen eragina.

Ez du zalantzan jartzen ikasle taldearentzat guztiz onuragarria denik baina, egunak igaro ahala, sorbaldan zama astunegia hartu ez ote duen pentsatzen hasten da askotan.

Atal honetan, besteetan baino gehiago, jarrerak mila eratakoak direla adierazi behar dugu, zaila baita berdin jokatzen duten bi irakasle aurkitzea.

Hala ere, barnetegiko esperientzia honetan bere aldetik gehien jartzen duena eskolako irakaslea da, dudaren izpirik gabe.